ALBISTEAK,
NOTICIAS
NOTICIAS
Kultura
2025/05/16
Elorrioko Altzau Burua taldeak, tokiko merkatariekin eta Udalarekin elkarlanean, telefono erabileraren inguruko kontzientziazio-kanpaina berritzailea jarri du martxan.
“Geuria Ebali Zeinke” (gurea erabil dezakezu) izeneko ekimenaren bidez, hainbat komertzio eta udal-eraikinek identifikazio pegatina bat jarri dute beraien sarreretan. Pegatina honek adierazten du bertan mugikorrik ez duten haurrek, nerabeek edo beste edonork, premia dutenean, establezimendu horretako telefonoa erabil dezaketela. Kanpainaren helburua argia da: mugikorraren erabilera osasuntsua sustatzea eta, aldi berean, elkartasun sare txiki bat eratzea herrian.
Elorrioko establezimendu eta eraikin publiko hauek batu dira dagoeneko ekimenera: Anbotopeko, Batzokia, Ditare, Electrodomésticos Arrinda, Izara, Japi jantzi denda, Sara jantzi denda, Okindegi kafetegia (Bolintxo), Sagastizabal, Solozabal Dekorazioa, Tilintalan, Onandia harategia, Iturri kultur etxea eta haur liburutegia, Turismo bulegoa eta Udal Kiroldegia.
Altzau Burua Elorrio taldeko kideen esanetan, “herriko giroa zaintzea guztion ardura da, eta ekimen honek adierazten du herri oso bat egon daitekeela prest, teknologiarekin harreman osasuntsuago bat izateko bidean elkarri laguntzeko.” Ekimen hau, gainera, beste hainbat jardueraren parte da. Asteotan herriko ikastetxeetan formakuntza jasotzen ari dira lehen hezkuntzako ikasleak, mugimendu honetan erreferentea den Miren Rosen eskutik. Eta maiatzaren 27an gurasoentzako saioa egingo dute.
Informazio gehiagorako: altzauburua@gmail.com